Gaurkotasun sahara

Saharar Herriarekin Senidetutako Hirien Konferentziako Ebazpena

04 Abe 2021

Saharar Herriarekin Senidetutako Hirien Konferentzia

Abenduaren 2an ospatu zen Gasteizko Goiuri jauregian Euskal Fondoak eta Saharako Euskadiko Ordezkaritzak antolatua Gasteizko Udalaren laguntzarekin. Bertan, Euskal erakundeetako eta Saharako erakundeetako ordezkariak elkartu ziren.

Nabarmentzekoa da Saharako ordezkaritzaren %80a emakumeek osatzen zutela, tartean, SEADeko Lankdietza Ministra Fatma Mehdi eta Samara wilayako Gobernadora den Mariem Salec Mouloud.

Hainbat hizlariren eskutik, gaur egungo egoera politikoa, giza eskubideena eta bizi-baldintza duina izateko zailtasunez hitz egin zen. Saharar herriak “Euskal Herriaren lankidetza, babes politikoa eta humanitarioaren beharra izaten jarraitzen duela” adierazi zuen.

Topaketaren amaieran, hassaniaz zein gaztelaniaz irakurri zen ekitaldirako idatzitako ebazpena.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak itxi zuen hitzaldia, parte hartzea eskertuz eta Saharako ordezkaritza babes eta elkartasun hitzez agurtuz.

EBAZPENA

Saharako herriak 46 urte daramatza Tindufeko errefuxiatuen kanpamenduetan (Aljeria) eta Marokok Mendebaldeko Saharan okupatutako lurraldeetako bizi-baldintza onartezinak jasaten.

Nazio Batuen Erakundeak Saharako Herriaren autodeterminazio-eskubidea aitortzen duten ebazpenak behin eta berriz eman arren, konponbidea luzatu egiten da Marokoko Gobernuaren intrantsigentziagatik eta Nazioarteko Komunitatearen pasibotasunagatik, Espainia buru dela. Hala ere, SEADa errealitate eztabaidaezina da, herrialde askok onartzen dutena. Saharako Estatuaren egitura pixkanaka sendotzen joan da, zailtasunak zailtasun.

Udalek, Foru Aldundiek, Batzar Nagusiek eta Eusko Legebiltzarrak, Saharako Herriarekiko euskal elkartasunaren adierazpen instituzional goren gisa, Saharako Estatua sendotzeko prozesu hori bultza eta lagundu dezakete. Horregatik, konferentzia honen deialdia egiten da, EUCOCOn Saharako Estatuaren garapenari laguntzeko Gasteizen 2019ko azaroan egindako tailerrean adostutakoa.

Saharako Herriarekin Senidetutako Hirien Konferentzia honen helburu nagusiak honako hauek dira:

  • Tokiko erakundeetatik Saharako Herriarekiko elkartasuna indartzea.
  • Saharako Estatua tokiko eremutik garatzen eta sendotzen laguntzea, errefuxiatuen kanpalekuetan eta SEADeko askatutako lurraldeetan dituen egiturak hobetuz.
  • Lankidetza humanitarioa, garapen-proiektuak, zerbitzu publikoak, enpleguaren sorrera, Saharako erakundeen funtzionamendua eta emakumeen eta gazteen protagonismoa indartzea.
  • Sahararren eskubide politikoak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak defendatzeko eta sustatzeko ekimen politikoak eta sozialak sustatzea gure herri eta hirietan.
  • Erakunde solidarioen arteko egitura eta koordinazio-mekanismoak hobetzea, Sahara Koordinazio Unitatea (SKU-Euskal Fondoa) erakundearen bidez, eraginkorragoak izateko.

 

Horretarako, tokiko agintariek eta gizarte-erakundeek, kudeaketaren eta administrazio publikoen ordezkariek eta Saharako Parlamentuko ordezkaritza batek parte hartuko dute.

Eskerrak eman nahi dizkiogu Gasteizko Udalari Saharar Herriaren eta Euskal Herriaren arteko topaketa solidario honetarako emandako erraztasunengatik.

Share  Partekatu