Sahara
Helburuak
Sahara koordinazio unitatea helburu hauek ditu:
- RASDrekin solidarioak diren Euskadiko erakunde publiko guztien direktorio bat egitea.
- Lankidetza eremu bateratua sortzea, bai garapen lankidetzaren arloan, baita sentsibilizazioarenean ere, haren eraginak handiagoak izan daitezen errefuxiatutako saharar herritarrengan.
- Informazio erabilgarria helaraztea erakundeei (bereziki udalei), parte hartzen duten alorretan egiten duten lanerako erabilgarria den informazioa helaraztea, alegia.
- Anaitzeak eta elkartasun politikoko ekintza batuak sustatzea (mozioak, bidaiak kanpamenduetara...).
Antecedentes
SKU helburu nagusi batekin sortu zen: udalei SEADen alde lan egiten laguntzea eta saharar herriarekiko udalen elkartasun jarduera guztiak koordinatzea (elkarren artean, eta haien eta Eusko Jaurlaritzaren artean).
Euskal gizarteak aspalditik erakutsi du saharar herriarekiko elkartasuna: 1975ean Marokok saharar herriari eraso egin eta exodoak eragin zituenetik, gutxienez. Eragile askoren bidez eta modu askotan adierazi da elkartasun hori: bai herritarren bidez (gure lurraldeko SEADen Lagunen Elkarteen lana nabarmendu behar da), bai erakundeen bidez.
Udalerri bat errefuxiatu sahararren kanpamentuetako daira batekin lehen aldiz senidetu zenetik (Gasteiz, 1987an), Euskal Autonomia Erkidegoko 100 udalerri baino gehiago senidetu dira saharar herriekin. Senidetzeak herri horien elkartasunaren ikur dira, inolako zalantzarik gabe, eta, gainera, babes ekimenak eragin dituzte eta herritarrek laguntza eta elkartasun kanpaina orokorretan parte hartzea ekarri dute: elkartasun karabanak, bidaiak kanpamentuetara, lankidetza edota sentsibilizazio proiektuak, elikagaiak jasotzea (atunaren kanpainak), etab.
Asko izan dira gizarte nahiz erakunde mailan aurrera eramandako elkartasun politikoko kanpainak (bake prozesua eta autodeterminazio eskubidea babestea, Marokok okupatutako lurraldeetan giza eskubideak defendatzea, etab.): mobilizazioak, informaziorako mahaiak, sinadura bilketak, erakundeen adierazpenak, etab.
Udalak era askotara atxiki dira, ez mozioak onartuz soilik. Kasu askotan, herritarren mobilizazioak erraztu dituzte, eta informazioa eman eta sentsibilizazio ekintzak babestu dituzte (erakusketak, haima bat jartzea, bideo ekoizpena, etab.).
Bestalde, urteetan zehar SEADen Lagunen Elkarteek antolatutako Karabanen bidez, eta udalen, aldundien, Eusko Jaurlaritzaren, Euskal Fondoaren eta abarren lankidetzaz, kanpamentuetara ehunka tona janari, material sanitario, ordezko pieza... eraman dira. Udalek, zalantzarik gabe, zeregin oso garrantzitsua bete dute; batetik, materialak, ekipoak edo ibilgailuak jarri dituzte, eta, bestetik, material bilketa erraztu dute herritarren artean, baita biltegiratzea ere.
1986tik, herri askotan hartu dira Saharako haurrak, Oporrak Bakean programaren bidez. Herri bakoitzean, udalak koordinatu ohi du, eskuarki, harrera, elkarteekin eta Fronte Polisariorekin batera.
Nabarmena da, beraz, SEADekiko udalerrien elkartasuna saharar herriarekiko euskal elkartasunaren funtsezko ardatzetako bat izan dela -eta dela gaur egun-. Hala eta guztiz ere, euskal udalerriek saharar herriarekin duten elkartasuna indartu egin daiteke, eta indartu egin behar da, elkartasun horrek hartzen dituen arloetan.
Horregatik guztiagatik, egokia iruditzen zaigu euskal udalek saharar herriarekiko elkartasunaren koordinazioa hobetzen saiatzea, bai lankidetza edota laguntza humanitarioaren arloan, bai elkartasun politikoko eta sentsibilizazio sozialeko ekintzetan. Hori da gure asmoa, eta horregatik jarri genuen abian Sahara Koordinazio Unitatea.