Gaurkotasun sahara

Oporrak Bakeanek udan saharar haur errefuxiatuak harreran hartuko dituzten familiak* bilatzeko kanpaina abiarazi du: Bidaia bat baino gehiago

11 Ots 2020

Oporrak Bakean, haur errefuxiatu sahararren udako harrera programa berriro ere martxan da. Saharako 10 eta 12 urte bitarteko umeak errefuxiatu kanpamenduetatik atera eta Euskal Herriko harrera familia eta aterpetxeetan pasako dute udara.

Bidaia honek leku eta pertsona berriez gozatzeko aukera ematen die parte hartzaileei, baina proiektu honek ez die hori bakarrik ematen, Oporrak Bakean, bidaia bat baino gehiago da:

Gauza berriak ezagutu eta ikasteko aukera bat da, hizkuntza berriak edota itsasoa ikusi adibidez. Beraien elikadura indartu eta osasun errebisioak egin, gaixotasun txikiak badira, hauek sendatzeko saiakera eginez. Epe batez desertuko klima gogorretik atera eta 45 urtez gatazka politikoan diharduen lurralde batetik atsedena hartzeko aukera ematen zaie.

Badira 30 urte baino gehiago euskal familiek, udako hilabeteetan, haur sahararrak euren etxeetan jasotzen dituztela. 2019ko udan 289 neska eta mutil saharar etorri ziren Euskadira, eta, aurten, beste horren beste etortzea nahi da. Horretarako, gutxienez, 100 familia gehiago beharko dira, eta Oporrak Bakean programa antolatzen duten elkarte eta udaletxeek euskal gizartea kontzientziatu eta egiten duten lana ezagutarazteko helburu duen kanpaina berri hau abiarazi dute.

Zer da Oporrak Bakean?

Herri Sahararrak 40 urte baino gehiago daramatza errefuxiatu kanpamentuetan bizirauten, munduko basamorturik idorrenetako batean, euren lurraldera itzuli ezinik. Kanpamentu horietan 14 urtetik beherako 56.000 ume bizi dira, eta horietatik %30ek hazkunde gabeziak dituzte, klima gogorra eta elikadura baldintzen ondorioz. Hori dela eta, Oporrak Bakean programak 10 eta 12 urte bitarteko haur saharar errefuxiatuak udan, bi hilabetez, euskal familiekin bizi daitezen sustatzen du. Gurean egiten dituzten egonaldi horien helburu dira: umeak basamortuko baldintza gogorretatik urruntzea da (gerizpean 55ºtara heltzen diren tenperaturak), hazten ari diren adin honetan lagunduko dituen elikadura egokia jasotzea, azterketa medikuak egitea eta euskal kultura eta saharar kulturen arteko lotura sustatzea.

Ze baldintza bete behar dira programan parte hartzeko?

Edozein motako familia izan daiteke harrera familia: pertsona bakanak, elkarbizitza unitateak, seme-alabadunak zein seme-alabarik ez dutenak. Baldintzarik garrantzitsuena denbora eta gogoak izatea da, haurrari arreta eskaini ahal izateko, eta bizi eta lo egiteko tokia eskaini ahal izatea.

Oporrak Bakean 2020 Kanpaina

Bidaia bat baino gehiago” izango da aurtengo kanpainaren leloa. Esaldi horrek oso modu egokian laburtzen du programan parte hartzen duten neska eta mutilen  esperientzia, eta baita horiek hartzen dituzten harrera familiena ere.

Kanpainak ikus-entzunezko euskarri ezberdinak ditu. Hauen artean  udalerri ezberdinetatik pasako den erakusketa bat, non Ahmedek, bere arreba txikiari, Hurriari (saharar haur errefuxiatuak) bere Euskal Herriko egonaldian zenbat gauza ezberdin ikusi eta ikasiko dituen azaltzen dion.

Programaren informazio guztia oporrakbakean.eus web gunean jasota dago.

Kanpainaren material guztiak hemen ikus daitezke (bideoak, audioak, kartelak, eskuorriak…): HEMEN

Informazioa jaso eta programan parte hartzeko

Haur saharar bat uda honetan harreran hartzeko interesa duten familia edo pertsonek dagokien elkarte edo udalarekin jar daitezke kontaktuan, edo lurralde bakoitzeko pertsona arduradunarekin:

Araba: 665711947    Bizkaia: 658751359  Gipuzkoa: 696014786

oporrakbakean@gmail.com

Share  Partekatu