Gaurkotasun sahara
Eusko Legbiltzarraren adierazpen instituzionala Mohamed Abdelaziz-en heriotzari buruz
Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura hasi aurretik, Bakartxo Tejeriak Adierazpen Instituzional bat irakurri du eta bilkura osoak minutu bateko isilunea egin du elkartasuna adierazteko Mohamed Abdelazizi, POLISARIO Frontearen liderraren heriotza gogoan izateko.
Irakurri den adierazpenak zera dio:
"Bakea eta Askatasuna Saharar Herriarentzat taldearteko parlamentarioak proposatuta, eta Saharako Errepublika arabiar demokratikoko presidentearen eta Fronte Polisarioaren idazkari nagusiaren heriotza dela eta, zeina gertatu baita pasa den maiatzaren 31n, Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak adierazpen hau egiten du:
Bere mina agertzen du Mohamed Abdelaziz-en heriotzagatik eta bere elkartasuna eta afektua helarazten die haren familiari eta saharar herri osoari une triste eta gogor hauetan.
Legebiltzar honetako parlamentari askok 1991tik aurrera aukera izan dute pertsona hau ezagutzeko, eta orobat egiaztatzeko zer-nolako maitasunez eta hurbiltasunez tratatzen zituen bake-gizon eta politikari zuhur honek Ganbera honetako ordezkariak, eta zer-nolako garrantzia ematen zion euskal herritarren eta sahararren arteko adiskidetasunari eta Euskaditik igorritako babes politikoari eta lankidetzari.
Ordezkaritza parlamentarioek Tinduf-eko errefuxiatu-eremuetara egindako bidaietan, Europako toki desberdinetan EUCOCO konferentziak gauzatzerakoan, Euskadira egin zituen bisitetan, Tinduf-eko bere etxean bertan, beti aurkitu du bere agenda tarte bat gurekin une labur edo luze batzuk partekatzeko.
Bere heriotza dela eta, Eusko Legebiltzarrak gogora ekarri nahi ditu berriro saharar herriaren kausaren alde Ganbera honek onetsi dituen iritzi-azalpen eta adierazpen instituzional ugariak, eta adierazten du oroitzapen ezabaezin honek indartu eta estutu egingo dituela etorkizunean euskal herritarren eta sahararren arteko lokarriak.
Horregatik guztiagatik, eta gu ere biltzen garelarik saharar herriari mundu osotik bidalitako dolu eta afektu adierazpen eta agerpenetara, Eusko Legebiltzarrak adierazpen hau onesten du eta osoko bilkura honetan minutu bateko isilunea egitea proposatzen du, gizon honen gomutan eta omenez.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko ekainaren 2an".
Ekitaldiaren bideoa HEMEN ikus dezakezu


Partekatu