Gaurkotasun sahara

Euskal Elkartasun Karabana Sahararuntz abiatuko da

20 Ots 2015

Azken hilabeteetan zehar Saharar kanpamenduetara bidaltzeko egin diren janari bilketen emaitza abiatzeko prest dago. Aurten, gure Autonomia Erkidegotik  “Piztu Itxaropena” XI. Euskal Karabana Donostiako Zurriolatik  irtengo da otsailaren 21ean.

5 trailerrek, 3 kamioiek eta beste bi ibilgailuk osatuko dute aurtengo elikagai karabana.

Goizeko 10:00etan Zurriolan bilduko gara, Alacanterantz abiatzeko prest egongo den XI. Karabana honi gure agurrik beroena emateko eta gure gonbidapena luzatzen dizuegu bertan egingo den ekitaldian gurekin egon zaitezten.

Bertan parte hartuko dute Donostiako Alkateak, POLISARIO Fronteak Euskadin duen Ordezkariak eta “otsailak 27” elkarteen Koordinadorako Presidenteak.

Karabana irten eta gero Hassana Aaliaren asilo eskubidea aldarrikatzeko elkarretaratze bat egingo da.

Bestalde, pasa den astelehenean, hilak 16, proiektu ezberdinak gauzatzeko ekipamendu eta materialak Kanpamenduetaraino garraiatuko dituen karabana irten zen Gasteiztik. “Euskal Trenbideetako Langileak Mugarik Gabe” elkarteko kideek bi trailer, hiru ardatzeko bi kamioi zurrun, mikrobus bat eta lur orotako hiru ibilgailu gidatu zituzten Alakanterako porturaino.

Lau ibilgailu astunak Garapenerako Lankidetzarako Euskal Agentziak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskal Fondoak finantzatu dituzte proiektu ezberdinetarako: Ausserdeko tailer mekanikoa ekipatzeko, Gazuaniko ibilgailu astunen tailerra berreraikitzeko, Giza Eskubideen Saharar Batzorde Nazionalaren egoitza ekipatzeko eta Saharar Farmazia Zentrala botikaz hornitzeko.

Era berean, mikrobusa Rafa Busak enpresak eman du eta Elorrioko Lajwad elkarteak Mohamed Salem Pakito Nekazal Eskolarako bildutako informatika materiala darama. Hiru ibilgailu arinak Gasteizko SEADen lagunen elkarteak bidali ditu, Garraio Ministeritzaren tailer mekanikoetarako.

Ekimen guzti hauek saharar errefuxiatuen bizi baldintzen duintasuna bilatzen dute Algeriako kanpalekuetan.

Share  Partekatu