Gaurkotasun Euskal fondoa

Isiluneak ez dira ahanztura: frankismoaren eta Mendebaldeko Sahararen biktimak gogoratzeko jardunaldia

01 Abe 2025

Azaroaren 19an, Bilbon egin zen “Ahanzturaren aurka. Frankismoaren eta Mendebaldeko Sahararen biktimak” jardunaldia. Ekimenaren helburua izan zen franquismo garaian saharar herriaren aurka egindako krimenak argitara ekartzea, eta Memoria Demokratikoaren 20/2022 Legearen esparruan biktima gisa duten aitortzan aurrera egitea.

Ebbaba Hameida kazetari eta idazlea, Flores de papel lanaren egilea, izan zen gidaria.

Irekiera instituzionala Monika Hernandok, Bilboko Udaleko Giza Eskubide, Bizikidetza, Lankidetza eta Kulturartekotasunaren zuzendariak, Nati López Munain Alzolak, Euskal Fondoaren presidenteak, Irantzu Mendia Azkuek, Hegoaren zuzendariak eta Salamu Hamudik, Madrilen atxikitako saharar ordezkariak, garrantzitsua dela oroimena eta biktimak laguntzeko ekimenak bultzatzen jarraitzea azpimarratu zuten.

 

 

LIBURUAREN AURKEZPENA
 

Erakundeen agurren ostean, Abdeslam Aomar Lahsen Saharako Preso eta Desagertuen Senideen Elkarteko (AFAPREDESA) presidenteak Espainiaren eta Mendebaldeko Sahararen arteko harremana aztertu zuen, kolonialismoaren eta trantsizio-justiziaren ikuspegitik. Hauxe da Sahararrak: frankismoaren eta frankismo osteko beste biktimak ikerketaren gai nagusia. Espainiako Estatuaren memoria, desmemoria eta ardurak (Abdeslam Aomar, Hegoa, 2025), atzoko jardunaldian aurkeztutakoa.

Abdeslam Aomarrek 1975eko urriaren 31tik 1976ko otsailaren 26ra bitartean sahararren aurka egindako giza eskubideen urraketen kasu esanguratsuenetako batzuk azaldu  zituen. Bere kontakizunean gerra krimenak jorratu zituen, hala nola napalm eta fosforo zuriarekin egindako bonbardaketak edota ehunka sahararren desagertze behartuak. Gertaera horietako batzuk duela urte batzuk ikerketa-gai izan baziren ere, lankidetzarik ez zela egon arduradunak presionatzeko eta epaitzeko azaldu zuen.

 

MAHAIA. FRANKISMOAREN BIKTIMA SAHARRAK: JUSTIZIA ETA MEMORIA

 

Ondoren, Laura Casielles idazleak (Arena begietan, 2024) mahai-ingurua moderatu zuen, eta bertan parte hartu zuten Carlos M. Beristain Psikologian doktore eta giza eskubideen ikerlariak eta Gemma Arbesú abokatu eta nazioarteko behatzaileak. Bi hizlariek aldi horretako dokumentazioa eskuratzeko zailtasunak azpimarratu zituzten: erretako paperak, ezkutatutakoak, eta abar. “Beharrezkoa da artxibo horiek ikertzea eta eskuratzea”, azaldu zuen Carlos M. Beristainek, zailtasun horien guztien aurrean “memoria biktimen desobedientzia ekintza batekin hasten dela” esanez.

 

2. MAHAIA. ISILARAZITAKO AHOTSAK, MEMORIA BIZIAK: FRANKISMOAREN BIKTIMA SAHARARRAK ETA EUSKALDUNAK

 

Hurrengo mahai-inguruan, frankismoaren biktima sahararrek eta euskaldunek beren sufrimendua eta dolua partekatu zituzten, baina baita beren aldarrikapenak eta ahanzturaren aurkako borrokan duten inplikazioa ere. Mahai horretan parte hartu zuten AFAPREDESAko Judeig Ahmed Lemadelek; Basiriren Senide eta Lagunen Elkarteko (AFAB) Elmami Bahim Ahmed Salenek; Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformako Josu Ibargutxik, eta Gasteizko Masakreren memoria zaintzeko lan egiten duen Martxoak 3 Elkarteko Nerea Martinezek.

Laurak bat zetozen auzibidearen garrantzian, Nerea Martinezek mobilizazio sozialaren garrantzia azpimarratu zuen: “Ezin gara justiziaren bidean bakarrik geratu, ez baitago gure esku eta sinetsarazten digu ez dagoela zer eginik. Beste bide batzuk aztertu behar dira”.

 

3. MAHAIA. MEMORIA FRANKISMOAREN BIKTIMA SAHARARREKIKO  ERANTZUKIZUN POLITIKO GISA

 

Azken mahai-ingurua frankismoaren biktima sahararrekiko erantzukizun politikoaren ingurukoa izan zen eta Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten hiru alderdi bildu zituen: EH Bildu (Diana Urrea), EAJ (Mikel Arruabarrena) eta Sumar (Alba Garcia). Elkarrizketan eta publikoak egindako galderen aurrean iritzi ezberdinak agerian geratu baziren ere, hiru pertsonak bat etorri ziren Saharari buruzko eztabaida politikoa parlamentuaren hormetatik kanpo mantendu ahal izatearen garrantzian.

Ahanzturaren aurka izeneko jardunaldia Hegoa Institutuak (EHU) Euskal Fondoaren laguntzari esker garatu duen lan ildo baten parte da. Jarduera honetan, Saharako Ordezkaritzak Euskadin ere lagundu du, eta Bilboko Udalaren eta Platformaren laguntza izan du.

 

"RASTROS" MEMORIALA

 

Eguneko unerik hunkigarriena Rastros memorial digitalaren aurkezpena izan zen, Lab-Elemental eta Forward Films-ek diseinatutako arte digital erakusketa. Lan honek basamortuaren errealitate mugikor, aldakor eta ertz zehatzik gabekoa hartu ditu inspirazio-iturri; ispilu, harea, argi eta soinuekin egindako jolas baten bidez, Paul Ricoeur filosofo eta antropologo frantsesaren gogoeta bat ekartzen du gogora: “Memoria hauskorra da, isilarazia izan daitekeelako. Badira ahanztura ez diren isiluneak: oroimenaren aurkako indarkeria baizik”.

 

EUSKAL FONDOAREN KONPROMISOA

 

Jardunaldia Euskal Fondoak saharar herriaren eskubideekin duen konpromiso iraunkorrarekin bat egiten du. Sahara Koordinazio Unitatearen bidez, erakundeak urteak daramatza lankidetza, memoria eta laguntza instituzionaleko prozesuak bultzatzen, udalei laguntza teknikoa eskainiz eta Euskadi eta Mendebaldeko Sahararen arteko lotura solidarioa sendotuz. Bere lanak eskubideen urraketak ikusarazten, biktimei laguntzen eta oroimen eta erreparazio betebeharrari bizirik eusten dioten ekintzak sustatzen laguntzen du.


 

Share  Partekatu