Gaurkotasun Euskal fondoa
Euskal Fondoak prestakuntza jarduera berriak sustatu ditu Euskadin, El Salvadorreko Suhiltzaileen Kidegoarekin elkarlanean
Maiatzaren 22tik 29ra bitartean, El Salvadorreko Suhiltzaileen Kidegoko (CBES) profesionalek hainbat prestakuntza, truke tekniko eta laguntza gerentzialeko jardueratan parte hartuko dute Euskadin, Euskal Fondoak sustatutako prestakuntza espezializatuko eta laguntza programaren IV. edizioaren baitan.
Egonaldian zehar, parte-hartzaileek prestakuntza eta truke teknikoko jarduerak egingo dituzte Ordiziako (Gipuzkoa) Suteen Prebentzio eta Itzalketarako Trebakuntza Zentroan eta Ispasterreko (Bizkaia) maniobra-eremuan, SUESKOLA Fundazioak kudeatutako espazioetan.

Programaren barruan, CBESeko bi profesionalek egiturazko suteen inguruko prestakuntza jasoko dute. Horrez gain, El Salvadorreko suhiltzaileen kidegoko gerentziako profesional batek bisita tekniko batean parte hartuko du, larrialdietako prestakuntza-zentro espezializatuen kudeaketa eta funtzionamenduari buruzko esperientziak trukatzeko helburuarekin.
Egonaldiak aukera emango die parte-hartzaileei suhiltzaileen prestakuntzan aplikatzen diren metodologiak, protokolo operatiboak eta prozedura espezializatuak ezagutzeko, baita Euskadiko profesionalekin esperientziak partekatzeko ere, larrialdien eta segurtasunaren arloan.
Laguntza instituzional eta gerentzialean oinarritutako lan-ildoaren helburua da esperientziak partekatzea hainbat esparrutan, hala nola antolaketa akademikoan, azpiegituren kudeaketan, ebaluazio eta ziurtapen sistemetan edo larrialdietako prestakuntza-zentro espezializatuen jasangarritasunean.
Edizio berri honekin, Euskal Fondoak berretsi egiten du truke teknikoan, erakundeen indartzean eta erakunde publikoen arteko lankidetzan oinarritutako nazioarteko lankidetzarekiko duen konpromisoa, El Salvadorren larrialdiei erantzuteko eta arreta emateko zerbitzuak hobetzen laguntzeko.
Ekimenak Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziaren (AECID) kofinantzaketa du, Lankidetza eta Elkartasun Fondoen Konfederazioak (CONFOCOS) eta AECIDek nazioarteko garapenerako lankidetzaren arloan jarduera bateratuak egiteko indarrean duten hitzarmenaren bidez.


Partekatu