Gaurkotasun Euskal fondoa
Euskal Fondoak Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluan parte hartzen du, gatazka testuinguruetan giza eskubideak monitorizatzeari buruz
Euskal Fondoak “Giza eskubideen monitorizazioa gatazka-eremuetan: nazioarteko komunitatearen erantzukizuna” izeneko ekitaldi paraleloan parte hartu du Genevan, Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluaren 61. saioaren barruan.
Gonbidapena Suitzarako Fronte Polisarioaren Ordezkaritzak eta NBEk egin zuten, Mendebaldeko Saharari Laguntzeko Genevako Taldearekin batera.
Euskal Fondoaren izenean Itsaso Anduezak hitz egin zuen, eta euskal lankidetza deszentralizatuak giza eskubideen dokumentazioan, ikerketan eta eraginean duen esperientziaren berri eman zuen. Bere hitzaldian euskal lankidetza deszentralizatuak giza eskubideen dokumentazioan, ikerketan eta eragin politiko eta sozialean metatutako esperientzia partekatu zuen.

Denboran eutsitako esperientzia
2003az geroztik, Euskal Fondoak Sahara Koordinazio Unitatea (UCS) hartzen du bere baitan, Eusko Jaurlaritzaren kofinantzaketarekin, eta euskal toki administrazioek Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoarekiko duten elkartasuna artikulatzeko tresna gisa.
Egitura horren bidez, eta giza eskubideetan adituak diren ikerketa-zentroekin koordinatuz, Mendebaldeko Saharan gertatzen diren giza eskubideen urraketei buruzko ikerketa zorrotzak bultzatu dira hamarkada batean baino gehiagotan. “Oroimenaren Oasia”, “Dena argitara atera dadila” edo “Saharauiak, frankismoaren beste biktimak” bezalako lanek bortxaketa larri eta sistematikoak dokumentatzen eta nazioarteko babes mekanismoen esku informazio kontrastatua jartzen lagundu dute.
Euskal lankidetzaren laguntzarekin egindako txostenak Nazio Batuen hainbat organotan erabili dira, eta giza eskubideen defendatzaileen egoera eta tokian bertan monitorizazio independentea egiteko zailtasunak ikusarazten lagundu dute.
Hiru mezu nazioarteko komunitateari
Bere hitzaldian, Euskal Fondoak hiru elementu nagusi azpimarratu zituen gatazka testuinguruetan giza eskubideak monitorizatzeari dagokionez:
•Biktimen zentralitatea, haien segurtasuna, parte-hartzea eta entzunak izateko eskubidea bermatuz.
•Politiken koherentzia eta epe luzerako ikuspegia, ekintza diplomatikoa eta lankidetza nazioarteko zuzenbidearekiko errespetuarekin lerrokatuz.
•Lankidetza deszentralizatuaren eginkizuna, toki-eremutik erakundeen eta gizarte zibilaren arteko jarraitutasuna, hurbiltasuna eta koordinazioa ekar baitezake.
Bideoa eskuragarri hemen
Nazioarteko esparru honetan parte hartzeak berretsi egiten du euskal lankidetza publikoak giza eskubideen defentsarekin eta gatazka luzeko testuinguruetan egia, justizia eta erreparazio prozesuak babestearekin duen konpromisoa.



Partekatu