Gaurkotasun Euskal fondoa

Euskal Fondoak jarraipena eman dio gazteen prestakuntza eta ekintzailetza proiektuari Suchitoton (El Salvador)

20 Uzt 2026

Euskal Fondoak Suchitotoko (El Salvador) Lanbide Heziketako eta Prestakuntza Teknikoko Zentroan (CFTV) bultzatzen duen proiektuak bigarren faseari ekin dio, Ipar Cuscatlaneko gazteen prestakuntza, enplegu  eta ekintzailetza aukerak indartzen jarraitzeko helburuarekin. Ekimenak arreta berezia jarriko du emakumeen parte-hartzea sustatzean eta tokiko garapen ekonomikoa indartzean.

Fase berri honek orain arte egindako lanari jarraipena emango dio. Lehenengo fasean, prestakuntza teknikoko hainbat ikastaro eskaini ziren, besteak beste, arotzerian, igeltserotzan, errementaritzan, elektrizitatean, turismo-zerbitzuetan, jostungintzan eta albaitaritza herrikoian. Horrez gain, negozio-planak prestatzeari, marketin digitalari eta ekintzailetzara bideratutako bestelako gaitasunei buruzko ikastaro espezifikoak ere eman ziren.

Prestakuntza horiei esker, ehun pertsonatik gora, gehienak emakumeak, gaitasun berriak eskuratu zituzten, enplegagarritasuna hobetzeko, autoenpleguko ekimenak sustatzeko eta tokiko ehun ekonomikoaren beharrei erantzuteko.

Bigarren fase honetan, prestakuntza teknikoa eta parte-hartzaileei eskainitako laguntza indartzen jarraituko da, Ipar Cuscatlaneko gazteen enplegu eta ekintzailetza aukerak sendotzeko eta tokiko garapen ekonomikoari ikuspegi inklusibo eta jasangarri batetik ekarpena egiteko.

Ekimen honen bidez, Euskal Fondoak berretsi egiten du lankidetza deszentralizatuarekiko eta El Salvadorreko gazteentzako aukerak sustatzeko duen konpromisoa, tokiko garapen inklusiboagoa eta jasangarriagoa bultzatzen duten prozesuei babesa emanez.

Share  Partekatu