Gaurkotasun Euskal fondoa
Euskal Fondoak energia-erresilientzia indartzeko proiektu bat bultzatuko du Habanako adinekoen bi egoitzetan
Euskal Fondoak 2026ko Lan Planera "Habanako Hirigune Historikoko adineko helduen egoitza babestuetan energia-erresilientzia indartzea" izeneko proiektua gehituko du, Habanako Historialariaren Bulegoarekin (OHCH) elkarlanean garatuta.
Ekimenaren bidez, Habana 620 eta San Ignacio-Lamparilla egoitzetan sistema fotovoltaiko autonomoak instalatuko dira, etengabeko hornidura elektrikoa bermatzeko.
Proiektuak Cubak bizi duen larrialdi energetikoari erantzuten dio, eta egoitzetan bizi diren adinekoen bizi-kalitatea, segurtasuna eta arreta hobetzea ahalbidetuko du. Horietako askok gaixotasun kronikoak edo laguntza-premiak dituzte, eta, beraz, ezinbestekoa dute hornidura elektriko egonkorra izatea. Jarduerak 136 laguni egingo die mesede zuzenean.
Ekimen honek jarraipena ematen dio Euskal Fondoak Habanako Historialariaren Bulegoarekin duela bi hamarkada baino gehiagotik garatzen duen lankidetzari. Elkarlan horren emaitza izan dira adinekoei eta kalteberatasun-egoeran dauden beste kolektibo batzuei zuzendutako gizarte-arretako hainbat baliabideren eraikuntza eta birgaitzea. Espazio horietan energia-irtenbide jasangarriak txertatzeak beste urrats bat dakar haien erresilientzia indartzeko eta kalitate handiagoko zerbitzuak bermatzeko.
Proiektu berri honen bidez, Euskal Fondoak jasangarritasunaren, zerbitzu publikoen hobekuntzaren eta egungo krisi energetikoaren aurrean kalteberatasun handieneko pertsonen babesaren aldeko lankidetzarekin duen konpromisoa berretsi egiten du.


Partekatu