Gaurkotasun Euskal fondoa
EHUko 21 ikaslek parte hartuko dute aurten Gaztenpatia programan
Guztira, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) 21 ikaslek parte hartuko dute ikasturte honetan Gaztenpatia programan. Euskal Fondoak eta EHUk elkarlanean sustatutako ekimen honek aukera ematen die ikasleei praktikak eta Gradu Amaierako Lanak (GrAL) garapenerako lankidetzako proiektuetan egiteko, Guatemalan, El Salvadorren eta Kolonbian.
Aurtengo edizioan Gorputz Hezkuntza eta Kirol Fakultateko, Psikologiako eta Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasleek parte hartzen dute, eta, berrikuntza gisa, lehen aldiz Medikuntza eta Erizaintzako ikasleak ere batu dira programara.

Egonaldian zehar, ikasleek tokiko erakundeekin eta garapenerako lankidetzako proiektuei lotutako entitateekin elkarlanean jarduten dute, osasuna, berdintasuna, hezkuntza, kirola eta komunitatearen indartzea bezalako arloetan. Esperientzia horri esker, nazioarteko testuinguru batean prestakuntza osatzeko aukera dute, eta, aldi berean, bertatik bertara ezagutzen dituzte beste gizarte- eta kultura-errealitate batzuk.
Proiektuak Fundación INCIDE (Guatemala), Colectiva Feminista para el Desarrollo Local (El Salvador), Comunidad Segundo Montes (El Salvador) eta Fundación Yapawayra – Vientos de Cambio (Kolonbia) erakundeekin elkarlanean garatzen dira. Erakunde horiek parte-hartzaileen harrera eta laguntza bermatzen dituzte egonaldian zehar.

Abian jarri zenetik, Gaztenpatiak ikaskuntza praktikoa, enpatia, unibertsitate-komunitatearen eta parte hartzen duten erakundeen arteko trukea sustatzen ditu, baita gazteen nazioarteko lankidetzarekiko eta herritartasun globalarekiko konpromisoa ere.
Gaztenpatia programaren bideoak hemen ikusgai


Partekatu