Bertokoa jan, mundua buruan
Helburuak, aurrekariak eta jardunean dauden aktibitateak
“EAThink: bertokoa jan, mundua buruan” Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean giza garapen global jasangarriaren arloan jarrera kritikoa eta konpromiso aktiboa sustatu duen proiektua da, bereziki, gaur egungo elikadura ereduak sortzen dituen interdependentziei, janaria ekoizteko sistema jasangarriei eta eskola-baratzeei arreta jarriz, betiere, hezkuntza curriculumarekin bat eginez.
Aurrekariak:
EAThink proiektuaren hastapenak Europan eman ziren. 2015-2017 bitartean hainbat herrialdeetako entitateen artean garatu zen proiektu hau, Europa mailako koordinazioan eta Afrikarekin lankidetzan, betiere, herrialde bakoitzaren beharretara egokituta: Austria, Kroazia, Zipre, Frantzia, Hungaria, Italia, Malta, Polonia, Portugal, Errumania, Eslovenia, Burkina Faso, Senegal eta Espainia (soilik Euskadin).
Europa mailako proiektua behin amaituta, Euskal Fondoak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzarekin, EAThink proiektua euskal mailan garatzen jarraitu zuen 2019. urtera arte, (H)ABIAN 2030 –Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren euskal Estrategia -ren ildoan.
EAThink proiektuak uzta oparoa eman du lau urtetan zehar: 800 irakasle eta 13000 ikasle ingururen partehartzea, 43 unitate didaktikoren sorrera, 5 argitalpen, 350 tailer, hainbat formakuntza, 4 lehiaketa, eskola-baratze askoren garapenean laguntza eta dozenaka ikasle ekimen.
Jardunean dauden aktibitateak:
- EAThink material didaktikoa: Elikadura sistemaren eraginez sortutako ondorioez hausnartu eta, besteak beste, eskola-baratzeen sustapena helburu duten unitate didaktiko eta argitalpen ezberdinen bilduma. Horrekin, ikasleen balore etiko eta arduratsuak garatzen lagundu nahi da, pentsamendu kritikoa, jarrera ekintzailea, aniztasunarekiko errespetua eta gizarte-justiziarekiko konpromisoa landuz.
Webgune honetan kontsultatu eta deskargatu ahalko dituzu, baita adin tarte eta irakasgai konkretu baterako unitate didaktiko egokiena aukeratzeko gida ere.
- Irakasleen formaziorako "Eskola-Baratzeak eta horien erabilpen didaktikoa" Online ikastaroa: EHU Uda ikastaroetan bere ibilbidea hasi zuen ikastaro arrakastatsu honen jarraipena ezagutzeko ipini kontaktuan Bizi Baratzea edota Ingurugelako kideekin.
- EAThink tailerrak: Besteak beste, gaur egungo elikadura eredua eta janaria ekoizteko sistemak, munduan elikadurari loturik sortzen diren interdependentziak, elikagai ekoizleen bizi-baldintzak, giza eskubideak eta alternatiba jasangarriak lantzen dituzten tailerrak dira.
Webgune honetan kontsultatu eta deskargatu ahalko duzu tailerra eskolan jorratzeko materiala. Zure hezkuntza zentrora hezitzaile bat hurbiltzea nahiago baduzu ipini kontaktuan Kutxa Ekoguneako kideekin.
info +: euskalfondoa@euskalfondoa.org


Partekatu