Gaurkotasun Euskal fondoa
Garapen Iraunkorrerako Helburuak euskal politika publikoetan, eztabaidagai
Datorren azaroaren 19an Tokiko Elkartasunari buruzko Europako beste jardunaldi bat izango da Muxikebarrin, aurrez aurre, oraingoan GIHak euskal politika publikoetan gaiari buruz
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia - eLankidetzak, Euskal Fondoak eta Getxoko Udalak antolatuta, Platformarekin (Hezkuntza globalerako eta nazioarteko lankidetzarako Europako hiri eta eskualdeen Sarea) elkarlanean, European Days of Local Solidarity-ren seigarren edizioa 09:45ean hasiko da. Helburua izango da euskal administrazioek 2030 Agenda tokian implementatzeko dituzten estrategiak ezagutzea, erreferentziazko erakunde eta pertsonen bitartez. “Administrazioek ditugun aurrerapenak, erronkak eta zailtasunak ezagutu nahi ditugu, hau da, Garapen Iraunkorreko Helburuak inplementatzean egiten dugun lanari buruzko esperientziak partekatzea”, azaldu du Carmen Díazek, Gizarte Kohesioko zinegotziak.
Egitaraua
Egitaraua ongietorri instituzionalarekin hasiko da eta jarraian, Andoni Hidalgo nazioarteko gaietarako aholkulariak GIHak eta maila anitzeko gobernantza lokalizatzen: Euskal Herritik ikasgaiak jorratuko ditu.
Ondoren, Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiko Iker Atxaren txanda izango da, 2030 agendaren lehentasunen euskal programaz mintzatzeko.
10:45ean GIHak inplementatzeko lurralde estrategiak gaiari buruzko mahaingurua izango da.Ostean, Udalsarea 2030 Agendaren jarraipen txostenaz arituko da.
11:50ean beste mahainguru bat izango da udalerrien esperientziak ezagutzeko, Bilbao, Ordizia eta Portugaleteko udalen partaidetzarekin, eta azken hitzaldia Garapen iraunkorra: erantzukizuna edo kosmetika izenekoa izango da, Javier Arellano, Deustuko Unibertsitateko Etika aplikatuko zentrokoarekin.
Parte hartu nahi dutenek hurrengo fitxa hau bete behar dute.
Egunaren jatorria
Nazio Batuen 2030 Agendak 2015erako ezarritako Garapen Jasangarriaren Helburuek (GJH) zuzenean egiten diete interpelazioa tokiko gobernuei, herritar arduratsuak aktibatzeko politikak eta sentsibilizazio-ekintzak abian jartzeko eskatuz. Mandatu hori jasota, Platformak Tokiko Elkartasunaren Europako Egunak jarri zituen martxan 2016. urtean. Ekintza bateratua izan zen Europa osoan, elkartasun globalarekin eta garapen iraunkorrarekin urtean bi astez hartutako konpromisoari balioa emateko.
Europako ekimen hori (H)ABIAN 2030aren testuinguruan txertatzen da, horixe baita gizarte eraldaketarako hezkuntzaren euskal estrategia (GEHE). Eta estrategia horrek herri erakundeei dei egiten die GEHErekin bat datozen ekintzak sustatzera, betiere erantzukizuna Garapen Iraunkorreko 2030 Agendaren helburu eta jomugekin konprometitutako euskal agenteekin partekatuz.


Partekatu