Gaurkotasun Euskal fondoa
Gervasio Sanchezen "Indarkeriak. Emakumeak. Gerrak" erakusketa inauguratu da
Fotokazetariaren erakusketa apirilaren 30era arte egongo da Donostiako Okendo Kultur Etxean, eta Euskal Fondoari atxikitako erakundeen eskura egongo da bi urtez.
Emakumeek eta neskatoek desberdintasun larria jasaten dute planetan zehar, eta desberdintasun hori larriagotu egiten da gatazka armatuetan. Gerrek egoera oso ahulean uzten dituzte emakumeak pobreziaren eta baliabide ekonomikoak eskuratzearen aurrean. Oinarrizko osasun-zerbitzuak eta ama-haurren arretarako zerbitzuak erori egiten dira; honela, bortxaketa arma eta etsaien arteko eraso bezala erabiltzen da; eta genero-indarkeria, gizakien salerosketa eta haurren ezkontza areagotu egiten dira gatazkan zehar.
Aldi berean, munduan indarkeriaren ondorioz desplazatutako pertsonen ia erdiak emakumeak dira, eta askotan genero-arrazoiengatik zailtasun handiagoak izaten dituzte egoera horietan.
Gervasio Sanchezen argazkiek gerretako biktima zibilen historiak aldarrikatzen dituzte, eta gatazkak horiek amaitzen direnean ez direla bukatzen erakusten dute. Erakusketa amaitu gabeko istorio horietako 40tan oinarritzen da, gatazka armatuetan emakumeek bizi dituzten indarkeria-ereduak kontatzen dituzten istorio gordinetan; istorio horiek bakea lortzeko eta indarkeria amaitzeko ezinbestekoa dela genero-ikuspegia aplikatzea agerian uzten dute, nazioarteko gatazkei irtenbideak bilatzeko eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde egiteko.